XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina hark ez baizuen batere traza onik.

Oraindik eta arraroagoa iruditu zait, eta bene-benetan kezkatzen hasi naiz, egia, neskaren poltsa haren buru azpitik hartu, eta bertan pretil ondoan zeukan harritzar hura sartzen ikusi dudanean, emakumeak lo zerraldo segitzen zuela, gaixoak.

Autoko loroa ere bertan zeramaten, poltsa hartantxe, nik begia botea bainion lehendik.

Blaupunkt bat.

Autoa ere polita zen, R5-TS xuri pintatu berri samar bat.

Emakumearen poltsa era horretan kargatu, eta makinarenaren ondoan utzi du, putzu bazterrean.

Halako batean, azkenean, emakumea jasotzera egin du, eta bai kariño handiz jaso ere, laztanka aritu baitzaio goxo-goxo, filmeen bukaeretan bezala, hantxe pretilean.

Eta ni orduan lasaitu egin naiz.

Ez luzaroko, hala ere; ze poltsen ondora eraman du gero emakumea leban.

Elizako Santa Teresaren aurpegi ber-ber-ber-bera zeukan lotan; ez da enteratu ere egin, alperraren harria baino lo-zurrunago zegoen, aitak esango lukeenez...

Eta orduan bai hasi naizela benetan ikaratzen.

Hamaika urte ditut ia kunplituak, eta ez naiz edozer gauzarekin kokiltzen; ez horixe.

Aitari sugea hiltzen laguntzerakoan ere ez nintzen atzera geratu.